2008 Azaroa 18
Aspalditik nituen DLinux izena zuen aldizkari libre baten ale batzuk, eta garbiketa egitean duela gutxi, “Software Libre: una aproximación desde la Teoría de Juegos” izena zuen Juan Antonio Martínez-en artikulu bat gordetzea erabaki nuen. Irakurri dut azkenean eta kuriosoa iruditu zait analisia.
Ordenagailuz eginiko simulazio batzuen bidez, epe motzean “estrategia egoistak” (negozio eredu pribatiboa islatuz) ateratzen direla irabazle erakusten du, “estrategia kolaboratzaileak” (software librearen eredutzat) berriz, irabazteko “masa kritikoa” deritzon kolaboratzaile minimo kopuru bat behar duelarik. Oreka egoerak ere planteatzen ditu, konparaketa KDE eta GNOME idazmahai inguruneekin eginez, eta nola horren aurrean dibertsifikaziorantz jotzen den merkatuan. Azken puntu aipagarri moduan, epe luzean estrategia kolaboratzaileek, kolaboratzaile berriak erakartzea bultzatzen dutela esplikatzen du.
Noski, hau guztia eredu matematiko bidez esplikatzen da eta giza faktore guztiak barne hartzen ez dituenez ezin da esan guztiz zehatza denik, baina hainbat norabide aurresan ditzake eta kasu batzutan errealitate bera simulatu ere.
Artikulua hemen eta googleri “software libre teoria de juegos” galdetuz gero, irakurtzeko gehiago.
inkoia |
informatika, softwarea, lizentzia librea |
2008 Urria 20
Paranoiko jarri ote naiz? Edozein kasutan, nire bizitza Google-ren disko gogorretan gordeta ez edukitzea erabaki dut. Esan beharra dago, telefono zerbitzu bat izango balute, idazkari lanak egin ahalko lituzketela: “Google? Bai, Inko naiz. Aizu, lehengoan mail batean telefono zenbaki bat bidali zidaten, ematerik bai? Picasawebs-en igo dudan azken argazkian nire ondoan dagoen parrandero horren telefonoa da bai. LOPD? Ez ez, ez du axola, nire posta da edozein kasutan. Pasahitza? izartxo izartxo izartxo izartxo izartxo izartxo izartxo izartxo izartxo. Bale! Mila esker!”. Ostia! Zerbitzu bikaina litzateke!! jeje.
Beno, hori, nire gauzak euskal komunitatetik hurbil dauden web-etara migratzen ari naiz. Ziur nago ordea, damutu egingo naizela. “Euskal” hitza daraman edozer gauzak marketing balio gehitua dauka hemen, baina azkenean zerbitzu txarrena izan ohi da… hori entzun dut behintzat tabernan. Argazkientzat dena den, zalantza daukat… Argazkiak.org motz geratzen dela iruditzen zait, eta nirudia.com argazki blog bat da, ez zehatz mehatz picasa bezalako zerbait.
Beno, horixe, istripuz hemen erortzen bazarete, jakin inkoia.blogspot.com orritik migrazioa egin berri dudala. Horrexegatik hainbeste bidalketa bat batean. Eta ez, ez dut askorik idazten, ezta intentziorik ere.
inkoia |
Sailkatugabeak |
2008 Maiatza 1
Wifi konexioarekin borroketan ibili nintzen maiatzak 1-aren zubian. Etxearen bazter batean beste bazterreko seinalea kalitate onargarriarekin jaso/bidali beharra nuen, eta dena itxita zegoenez, google-ri nola egin galdetzea erabaki nuen. Hasiera batean “wireless bridging” edo horrelako zerbait etorri zitzaidan burura, kable modema eta wifi bideratzailearen artean konexioa eginez kablerik gabe, bideratzailea etxe erdian jarriz seinale kalitatea hobetzeko asmoz. Beste aukera, Access Point bat ezartzea litzateke, baina beno, dendara joan eta erosi egin behar… Gero ordea, soluzio sinpleago bat bilatzea erabaki nuen. Lehenengo proba hauxe izan zen:
Honek %40tik %72 ingurura igo zidan seinalearen kalitatea, ez dago gaizki! Dena den, bideratzailea daukadan lekuan ez daukat nahikoa leku horrelako antena parabolikoa ezartzeko… pena bat. Beraz, erosoagoa dirudien beste hau egin nuen:
“San Antxon 0,0″ bat erabilita egin nuen, baina kalitatea %10 inguru igotzea besterik ez nuen lortu. Esan beharra dago, “0,0″ batekin ez nuela gehiagorik espero.
Hurrengo proba… patata pote famatuarena! Oraingoan ordea, seinale jasotzailean jarrita.
Eta ez, “San Antxon 0,0″-ak adina igo zidan… Etsita, freeantenna.com-eko asmakizun bat aurkitu nuen. Nire lehenengo saiakera bezelakoxea, antena paraboliko bat, baina txukun egina, erosoagoa eta txikiagoa!
Benetan ikaragarria! 74% inguru dabil etxearen beste puntako konexioa eta antenak ez du inolako enbarazurik egiten!
Hemen daukazue asmakizuna:

inkoia |
informatika |
2008 Apirila 22
Gimp lehendik ere erabiltzen nuen, argazkien kontrasteak aldatu edota hainbat huskeri egiteko, baina Gimp zertxobait sakonago ikasteko erabakia daukat hartuta, eta horretarako aste oso bat ibili naiz nire marrazki batzuk koloreztatzen.
Onartu beharra daukat emaitzak ez direla ikusgarriak, hala ere, nire iritzi xumearen arabera itxura nahiko dezentea daukate. Bidalketa honen bidez nire esperientzia txikia utzi nahi dut, erabilitako efektuak eta pausoak azalduz. Pentsatzen dut norbaiti interesgarria irudituko zaiola hasi berri baten ibilera.
Irudi guztietan lehen pausoak hauek izan dira ‘Geruzak > Geruza berria’ eta bertan geruza zuria aukeratu, hau behean kokatuz. Pauso hau errepikatu, geruza zuria aukeratu beharrean, geruza gardena aukeratuz eta hau geruza zuria eta marrazkia duen geruzaren artean jarriz. Azkenik, gure jatorrizko marrazkia hartu eta ‘Geruzak > Gardentasuna > kolorea alfara’ aukeratuz, kolore zuria gardena bihurtu. Marrazkia duen geruza hau ‘biderketa’ moduan ezarriz, bere kolore beltza beti gainjarri egingo du koloreen gainean. Dena den, azken pausu hau egin baino lehen komenigarria izaten da kasu batzuetan distira eta kontrastea balioak mugituz marrak belztea, gero koloreztatutako marrazkian itxura hobea agertzeko asmoz.
Modu honetan, gure marrazkia gardenki baten gisa gainean geratzen da. Azken geruza zuriak oinarria emango du, eta tartean geruza gardenak ezarriz koloreak jarriko ditugu: Lehenik atzealdeak, gero aurrealdeak, xehetasunak etab. Hoberena hainbat geruza erabiltzea izan ohi da, modu honetan, xehetasunak egitean akatsen bat eginez gero, ez dugu atzealdeko kolorerik izorratzen.
Koloreztatutako lehen irudia hauxe izan da. Proba gisa egin nuen, aerografoaren tresnaz. Tresna honek gradualki koloreztatzen duenez, izkinetatik apur bat pasatzeak ez du kalte handirik egiten, eta gainera itzalak egiteko balio balio du. Kasuan kasu, atalak aukeratu daitezke koloreztatzean ez irteteko. Hautaketa difuminatua nire tresnarik erabiliena da, degradatuak egiteko oso tresna jatorra.

Efektu batzuk ere erabili daitezke, kasu honetan ertzak detektatze efektu bat eta argiztatze efektu artistikoa, ‘Iragazkiak > Detektatu Ertzak > Neon’ eta ‘Iragazkiak > Artistikoa > Argitasun leuna’ efetuak hurrenez hurren.

Ondoren, nire komiki txikia koloreztatzeari ekin nion. Hemen beste teknika bat aurkitu nuen: hautatze difuminatuarekin eta zati hori argiztatzen/iluntzen edota argi efektuekin, itzal eta argiak egin daitezke, modu degradatu egoki batez. Adibidez, lanparen argia eta lurreko distira horrela eginda daude.

Bigarren orrialdean, gradienteak erabili nituen metalezko zatiak koloreztatzeko, eta argiztatze leuna diztirak egiteko.

Entrenatzen joateko, marrazki zaharrak berreskuratzea erabaki nuen.
Honako honetan, koloreak ezarri eta hautatze difuminatuaz argi-itzalak egin nituen. Hautatze teknika bera erabiliz eta kolore balantzea eta argitasunak mugituz, sua koloreztatzea ere lortu nuen. Irudiari azken ukitua emateko, RGB zarata arin bat ezarri nion, bizi puntu bat gehitu ziolarik. Zarata iragazkiak ‘Iragazkiak > Zarata’ atalean daude.

Oraingoan, zerua eta koloreztatze desberdinak lantzeko intentzioarekin degradatuak eta koloreztatze aprobak egin nituen. Naturaltasun bat bilatu nahian, nolabait koadro itxura emateko edo, sakabanatze zarata teknika erabali nuen marrazkian, zaldunarekin ezik. Oihal efektu arin bat ere ezarri nion, itxura zakarrago bat emateko.
Beste zita garrantzitsu bat: Star Wars-eko lightsaber-ak egitea! Hainbat modu daude, baina nik erabilitakoa hautatze difuminatuaz maximora argiztatzea, eta gero hautatze bera baina difuminatu handiago batez, kolore balantzeaz koloreztatzea dira. Erabilitako tresna horiek ‘Koloreak’ menuaren azpian daude: Kolore-balantzea, koloreztatu, distira. Emaitza oso ona dela esango nuke!

Azkenik, aspaldiko beste marrazki bat moldatu nuen, belarra eta urarekin jolasteko asmoz.
Belarra, Gimpresionsta efektu batez egin nuen, “feltmaker”. Efektua ‘Iragazkiak > Artistikoa > Gimpresionista’ da. Ura, urtu zarata 50 errepikapenekin eta gero uhinen desitxuratze tresna erabiliz. Uhinen efektua ‘Iragazkiak > Desitxuratzea > Uhinak’ da, eta anplitudea 5 eta luzera 30 aukeratu nuen balioetan. Supernova argi efektuaz hosto arteko argia jarri nion, eta lainoak ‘Iragazkiak > Errendatuak > Hodeiak > Lainoa’ efektuaz.

Istripuz norbait bidalketa honetara iritsi bada, eta gainera bukaerako perpaus honetara, jakin dezala iruzkinak eta gomendioak ongi etorriak direla. Bide batez, ba al dago Gimp-en euskal komunitaterik?
inkoia |
marrazkiak, softwarea |
2008 Urtarrila 30
Blog honen irekierara kuriositateak bultzatu baninduen, bloga jarraitzera mahai gainean pilatzen zitzaizkidan han eta hemendik ebakitako artikuluak modu digitalean nonbaiten edukitzeak bultzatu ninduen. Azken finean horregatik deitu nion trastelekua (Inko eta bere trastelekua, hain zuzen), nire gauzak nonbaiten gordetzeko leku digital bat nahi nuen eta.
Dena den, blogger berak fitxategiak igotzeko aukera ematen ez duenez eta nire bizitza digitala google-ren menpe dagoenez -ia beldurra ematen dit horrek, eta framazoneriaren konspirazio bat baldin bada?-, oraindik google labs-en dagoen googlepages zerbitzua erabiltzea erabaki dut. Bost web gune sinple osatzeko aukera ematen du nahidenizena.googlepages.com izenarekin, eta bakoitzean 100MB-eko biltegi ahalmenarekin. Pentsatzen dut aurrerago igoko dutela biltegi ahalmena, wordpress-ek 3GB ematen ditu eta.
Gauza da, momentu honetan trastelekua ez dela hau, baizik eta googlepages-en dudan http://inkoia.googlepages.com txokoa. Beraz blog honi izena aldatu beharrean aurkitu naiz, eta gainera zerbait idazteko aitzaki bezala ongi etorri zait. Zein izen jarri? gehiegi pentsatu nahi ez nuenez, azken finean blogari eman diodan funtzioa, nire oroimen digitala izatearena, jarri nahi nion izen bezala. Baina kontxo! konturatu naiz ez dela inolaz ere originala oroimen hitza erabiltzea, “memorias de tal y de pascual”, “memorias de una neskato txina”, “memorias de txuk norris”… Beno ba! nire ohar-taula digitala denez, bertan ohar itsaskor digitalak ezarriz eta ebakitako artikuluak txintxeta digitalez eutsiz, horrelaxe deituko diot…
inkoia |
Uncategorized |
2008 Urtarrila 29
Hau da hau pertsonaia! Hona hemen hasiera eta amaierako kantuak. Nolabait inspiratu egiten nau Harlock-ek…
“…eta luuuuuur urdiiiiiin txiiiiikiaaAAA neeeuREEeeeEEE SORTERRIAA!!…”
inkoia |
Uncategorized |
2008 Urtarrila 27
Hona hemen, nire irakasle lana inspiratzen duen gomaespumaren bideoa:
inkoia |
Sailkatugabeak |
2007 Abendua 28
Euskaraz ahalik eta hobekien idatzi nahi nuke, eta nik bezala beste askok, pentsatzen dut. Horregatik, eta nik ere erraz gogoratzeko, bidalketa honetan hainbat helbide interesgarri jartzea erabaki dut.
Askotan euskaraz nola diren burura etortzen ez zaizkigun gaztelanierako hitz horiek euskarara itzuli beharrean ikusten gara. Horretarako, www.hiztegia.net web orrian hainbat hiztegi dauzkagu aukeran. Nik Elhuyar hiztegia erabili ohi dut. Bestalde, idatziren bat publiko egiteko garaian ez da gehiegi kostatzen ortografia errepasatzea, eta lan hau errazteko xuxen web bidezko zuzentzaile ortografikoa erabili dezakegu. Idazterako garaian, hainbat hitzen erabileraz, joskeraz eta abar zalantzarik bagenu, Euskara-Institutua garatzen dabilen “Ereduzko Prosa Gaur” web gunea erabili dezakegu. Bertan, gaur egungo hainbat euskal idazleren azken urteetako testuak daude bilduta, bilatzaile batzuen bidez guk jarritako hitzekin bat datozenak azalduko zaizkigularik.
Azkenik, euskaraz idazteko gogoan izan abiword eta OpenOffice, adibidez, euskaraz badaudela, eta azken honi xuxen ortografia zuzentzailea txertatu ahal zaiola. OpenOffice, xuxen eta beste hainbat software euskaraz hemen. Software itzulketen arduradun diren EuskalGNU eta Librezale web guneak begiratzea ere gomendatzen dut.
inkoia |
euskara, softwarea |
2007 Abendua 16
Lehengoan ikasle batek galdetu zidan: “Hik jaisten al dituk kantak internet bidez?” (ez dut lortu oraindik ikasle batzuk zuka aritzea niri zuzentzen zaizkidanean). Nik, “noski baietz!”, erantzun nion. Ikasleak harriturik bota zuen, “Hi haiz hi ilegala! irakaslea izanda horrelakoak egiten!?”. Copyright-ari buruz zertxobait azaldu behar izan nion ikasle maitagarriari, eta lasai egoteko eta P2P eta gisa horretako programei egurra emateko esan. Ikaslea konbentzituta zegoen legea hausten zuela musika jaisten zuenean; “eta orduan zergatik esaten dute telebistan ilegala dela hori egitea?” izan zen gehien gustatu zitzaidan galdera.
Ez ote naiz jakin beharrekoak ez diren gauzak irakatsi nahian arituko… iruditzen zait aukerarik baldin badut hurrengo batean astindu bat emango diodala programa didaktikoari.
inkoia |
lizentzia librea |
2007 Otsaila 6
Beno, nik esandakoak agian ez du inor konbentzituko, baina artista ezagun batek esandakoak bai…
inkoia |
lizentzia librea |