Gimp-ekin koloreztatzen

2008 Apirila 22

Gimp lehendik ere erabiltzen nuen, argazkien kontrasteak aldatu edota hainbat huskeri egiteko, baina Gimp zertxobait sakonago ikasteko erabakia daukat hartuta, eta horretarako aste oso bat ibili naiz nire marrazki batzuk koloreztatzen.
Onartu beharra daukat emaitzak ez direla ikusgarriak, hala ere, nire iritzi xumearen arabera itxura nahiko dezentea daukate. Bidalketa honen bidez nire esperientzia txikia utzi nahi dut, erabilitako efektuak eta pausoak azalduz. Pentsatzen dut norbaiti interesgarria irudituko zaiola hasi berri baten ibilera.

Irudi guztietan lehen pausoak hauek izan dira ‘Geruzak > Geruza berria’ eta bertan geruza zuria aukeratu, hau behean kokatuz. Pauso hau errepikatu, geruza zuria aukeratu beharrean, geruza gardena aukeratuz eta hau geruza zuria eta marrazkia duen geruzaren artean jarriz. Azkenik, gure jatorrizko marrazkia hartu eta ‘Geruzak > Gardentasuna > kolorea alfara’ aukeratuz, kolore zuria gardena bihurtu. Marrazkia duen geruza hau ‘biderketa’ moduan ezarriz, bere kolore beltza beti gainjarri egingo du koloreen gainean. Dena den, azken pausu hau egin baino lehen komenigarria izaten da kasu batzuetan distira eta kontrastea balioak mugituz marrak belztea, gero koloreztatutako marrazkian itxura hobea agertzeko asmoz.
Modu honetan, gure marrazkia gardenki baten gisa gainean geratzen da. Azken geruza zuriak oinarria emango du, eta tartean geruza gardenak ezarriz koloreak jarriko ditugu: Lehenik atzealdeak, gero aurrealdeak, xehetasunak etab. Hoberena hainbat geruza erabiltzea izan ohi da, modu honetan, xehetasunak egitean akatsen bat eginez gero, ez dugu atzealdeko kolorerik izorratzen.

Koloreztatutako lehen irudia hauxe izan da. Proba gisa egin nuen, aerografoaren tresnaz. Tresna honek gradualki koloreztatzen duenez, izkinetatik apur bat pasatzeak ez du kalte handirik egiten, eta gainera itzalak egiteko balio balio du. Kasuan kasu, atalak aukeratu daitezke koloreztatzean ez irteteko. Hautaketa difuminatua nire tresnarik erabiliena da, degradatuak egiteko oso tresna jatorra.

Efektu batzuk ere erabili daitezke, kasu honetan ertzak detektatze efektu bat eta argiztatze efektu artistikoa, ‘Iragazkiak > Detektatu Ertzak > Neon’ eta ‘Iragazkiak > Artistikoa > Argitasun leuna’ efetuak hurrenez hurren.

Ondoren, nire komiki txikia koloreztatzeari ekin nion. Hemen beste teknika bat aurkitu nuen: hautatze difuminatuarekin eta zati hori argiztatzen/iluntzen edota argi efektuekin, itzal eta argiak egin daitezke, modu degradatu egoki batez. Adibidez, lanparen argia eta lurreko distira horrela eginda daude.

Bigarren orrialdean, gradienteak erabili nituen metalezko zatiak koloreztatzeko, eta argiztatze leuna diztirak egiteko.

Entrenatzen joateko, marrazki zaharrak berreskuratzea erabaki nuen.

Honako honetan, koloreak ezarri eta hautatze difuminatuaz argi-itzalak egin nituen. Hautatze teknika bera erabiliz eta kolore balantzea eta argitasunak mugituz, sua koloreztatzea ere lortu nuen. Irudiari azken ukitua emateko, RGB zarata arin bat ezarri nion, bizi puntu bat gehitu ziolarik. Zarata iragazkiak ‘Iragazkiak > Zarata’ atalean daude.


Oraingoan, zerua eta koloreztatze desberdinak lantzeko intentzioarekin degradatuak eta koloreztatze aprobak egin nituen. Naturaltasun bat bilatu nahian, nolabait koadro itxura emateko edo, sakabanatze zarata teknika erabali nuen marrazkian, zaldunarekin ezik. Oihal efektu arin bat ere ezarri nion, itxura zakarrago bat emateko.

Beste zita garrantzitsu bat: Star Wars-eko lightsaber-ak egitea! Hainbat modu daude, baina nik erabilitakoa hautatze difuminatuaz maximora argiztatzea, eta gero hautatze bera baina difuminatu handiago batez, kolore balantzeaz koloreztatzea dira. Erabilitako tresna horiek ‘Koloreak’ menuaren azpian daude: Kolore-balantzea, koloreztatu, distira. Emaitza oso ona dela esango nuke!

Azkenik, aspaldiko beste marrazki bat moldatu nuen, belarra eta urarekin jolasteko asmoz.
Belarra, Gimpresionsta efektu batez egin nuen, “feltmaker”. Efektua ‘Iragazkiak > Artistikoa > Gimpresionista’ da. Ura, urtu zarata 50 errepikapenekin eta gero uhinen desitxuratze tresna erabiliz. Uhinen efektua ‘Iragazkiak > Desitxuratzea > Uhinak’ da, eta anplitudea 5 eta luzera 30 aukeratu nuen balioetan. Supernova argi efektuaz hosto arteko argia jarri nion, eta lainoak ‘Iragazkiak > Errendatuak > Hodeiak > Lainoa’ efektuaz.

Istripuz norbait bidalketa honetara iritsi bada, eta gainera bukaerako perpaus honetara, jakin dezala iruzkinak eta gomendioak ongi etorriak direla. Bide batez, ba al dago Gimp-en euskal komunitaterik?

zabaldubildudel.icio.us

marrazkiak, softwarea | Iruzkinak | Trackback Igo gora

Iruzkin bat idatzi

  •  
  •  
  •  

Istorio hontako iruzkien berri izateko aukera duzu: iruzkin jarioa.

Paperetan ditudan gauzak ez galtzeko bloga

dfsf